XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ahitu egin omen da sistema, beste sistema batean bilatu beharra omen dago nola jarraitu aurrera, etc., arrunkeria borobilak.

Zer ote da, lehengo inperialismoaren morroiak eta burrukari anti-inperialistak batera biltzen dituen, horrela birdefinituriko ezkerra? Zein, birdefinizioa?.

Eta Grapo biltzen ote du ezker guzti honek? Eta HB, LKI, EMK?... PCE bera?.

Rekalde ikastolen arazoa eztabaidatzen ari da ETB espainolean Aulestiarekin, eta Eusko Jaurlaritzan ezkerra egotea zein positiboa izan den, konbentzitu nahi du lehenak bigarrena.

Badirudi Aulestiak ez duela oso ongi igarri ahal testuinguruan zer signifikatzen duen ezkerrak (neuk ez dut hobeto ulertzen), eta Rekaldek zer den ezkerra, esplikatzen dio: politika bat pobreen alde, desanparatuen alde, gizarteko ahulenen eta baztertuen faboretan....

Jelatuta geratu naiz.

Hortxe bukatu da.

Baina hori karitatea da.

Hori ez da ezkerra.

Paperak eta sentimenduak tranpeatzen ari gara hemen.

Oraintxe berton, politika horrela definituko lukeena Jomeini bat izan liteke.

Islamismo iraultzaile guztia, populista, Gadafi-rekin hasita.

Jendoste arabiar depauperatuen iraultza.

Peronismo edo Nasserismotik ez dakit noraino, zein eskematan kontsidera litezke populismo horiek ezkerra?.

Eta eskola-politikan hori ezkerra bada, politika ekonomikoan zer da ahulenak zanpatzen dituen birkonbertsio industriala?.

Egun batzuk geroago, sermoi berbera Mitterrand-i entzuten diot: berriro aldarrikatu nahi dizuet, ez dugula ahaztuko, ez dugula inoiz alderatuko gure tradizio historiko aberatsa, gizarteko behartsuenen errebindikazioen alde, etab.

Zer gertatzen da?.

Sozialismoa etikoki bakarrik ulertzen dela, errebindikatzen dela.

Sentidu politiko eta ekonomiko garbirik ez zaiola geratzen eta haren esanahi etikoa indarberritu nahi dela.

Hori ez da indefinizio bat bakarrik.

Desdefinizio egoera bat da.

Eta lotsagabekeria bat izan liteke (imagina: sozialista frantsesak agintean abertzale algerino desesperatuen aurka: burges batzuk abertzaleok, ahulenen aldekoak sozialista haiek).

Nik ez bait dut uste, liberal bat, kristau-demokrata bat eta sozialista bat berezten dituena beren moraltasuna denik, beren sentimendu etikoak (jende txiro eta apalekiko).